Bizitzaren erdia Kanariar irlatan egin ondoren, Alemaniara itzuli da eta orain Wendland-en bizi eta sortzen du. Hau dio Vatulak sortzeko sentitzen duen beharraz eta artearekiko duen harremanaz: “Artea nire janaria, nire edaria da. Arnasa hartzeko airea adina behar dut. Sortuaz eta maitatuaz gizatiar sentitzen naiz”. Nire hizkuntza eskultura da eta hau ez da soilik buruaz ulertzen, zentzuekin baizik: ikusmena, ukimena eta umorearen zentzumenarekin.“Nire eskulturak uki ditzazun nahi dut, eskulturek uki zaitzaten, larruazala baino barrurago, pentsatu baino gehiago, senti dezazun”. Arbolekin, bere egurrarekin komunikatuaz, eskulturak sortzen ditu, sentsualki abstraktuak diren obrak, giza bizipena islatzen dutenak. Barne bizipena, erlazioak, aurkikuntza eta harantzago, beti harantzago, ezustekoa eta jolasa.
Garatutako proiektua:
BESARKADA
Bere lerroari leial, naturan integratuz, obra bat egiten du ez distantziatik ikusteko, baizik eta bertan murgiltzeko eta obra osatzen duen enborraren parte izateko, zure arnasketa sentituz, zuhaitz berarena balitz bezala. Giza gorputz baten espazioa husten du zurezko enbor handi batean. Sentitzeko eta espero gabeko sentsazioak aurkitzeko obra bat, naturarekin hertsiki lotzen gaituen besarkada bat, zuhaitz beraren zati sentituz, zentzumenentzako opari bat eta gizakiaren harreman galdua eta ingurune naturala berreskuratzeko aukera bat.
Zurako pagadia bezalako ingurune naturalean bere jarduna burutzea erronka handia da artistarentzat. Alegia, bere tolesturak eta forma organiko propioak bere inguruan txertatzea desafio izugarria da; azken buruan, arte obra bat beste baten barruan kokatzea da, basoa bere baitan eskulturazko fenomenoa baita.