Dora Salazarrek bere sortze-lan profesionala laurogeiko hamarkadaren amaieran hasi zuen eta hurrengo hamarkadan oso ezagun egin zen bere eskulturengatik, batez ere kanpo-esparru publikoetan era iraunkorrean jarritakoekin.
Halere, artistaren lanak badu joan-etorri konplexuagoa ere, osagai eta euskarri ezberdinen artekoa, non osagaien aldean askoz garrantzi handiagoa hartzen duen adierazpen berrien bilaketak. Adierazpen edo espresio berri horiek gai izan behar dute naturaren eta gizakiaren geruzak, bere gorputz fisikoa eta etereoa, bere memoria eta emozioak zein etorkizunarekin eta eternitatearekin duen konpromiso argia eta garbia ezagutarazteko eta sintetizatzeko.
Garatutako proiektua:
MEDUSA
Basoaren erdian, pago handi batetik zintzilik eta airean flotatzen, haizearekin mugituz eta eguzkiaren izpiekin distiratuz, kobrezko irudi handi bat agertzen da, Aralarren marmoka bat, harridura eta kontraesanak eraginez, Dorak lekuarekin eta gure adimenarekin jolasten du, agian okerrak gu garela sentiaraziz.